Buscar este blog

miércoles, 15 de septiembre de 2010

Eguerdia Gainzurin

Gogoa neukan Gainzuri ikastetxera bueltatzeko, gogo handia gainera. Ez dakit, betidanik izan dut nolabaiteko lotura berezi bat ikastetxe honekin. Orain generazio berri oso bat dago bertan, eraikina aldatu eta garatu egin da, eta hara joan nintzen ni, hamar urteko entzuleengana, apur bat lotsatiak edo izango zirela pentsatuz.

Ikastetxeko liburutegia prestatu zuten atzo hamar urteko berrogeita hamar bat ikaslee, irakasle eta niretzako. Txikitan bezala, alfonbraren inguruan. Umeak sartu bezain laster, batzuk nire ondoan nahi zuten egon, beste batzuek galdera ugari egin zizkidaten (sekretuan, irakasleak ez entzuteko edo), eta beste batzuk han eseri ziren, nire hitzen zain. Eta ekitaldia hasi egin zen. Nire burua aurkeztu ondoren, "Lur Azpain" ipuina irakurri nien, beraien barreez, begiradaz eta galderez disfrutatuz, amaitzean hogei galdera baino gehiago egin baitzizkidaten.

Eta guzti hura amaitzean, argazkia egin behar zen, noski. Eta hura bai izan zela zoramena. Baina zoramen polita, oso atsegina, emozionatu egin ninduten bere harrerarekin. Askok nire ondoan nahi zuten egon, eskutik, besoetatik eta erropatik heldu zidaten, guztiak pozik, irribarretsu, galdera bat bestearen atzean egiten. "Ikutu dut, ikutu dut!" oihukatu zuen batek nire alkandora heldu zuenean. Ezin nuen sinetsi. Pixka bat surrealista zen, baina izugarri poztu ninduten.

Horregatik esan nahi dizuet eskerrik asko, eskerrik asko benetan. Oso eguerdi polita pasa genuen atzo, eta benetan espero dut esperientzia hau noizbait errepikatzea. Horrelako ekitaldi bat gustora errepikatuko nuke nire betiko eskolan.

Laister arte.